Ezaguera bahituta?

"Non geratu da jakintzaren gogo asekaitza? Ez al da ari kapitala jakitura bahitzen guztion laguntzaz?"

Filosofiaren, teologiaren eta zientziaren arteko aldeak azaltzeko sare sozialetan zabaldu zen txistearen arabera, gela ilunean dagoen katu beltzaren peskizan ari omen da filosofoa, gela ilunean ez dagoen katu beltzaz sinetsarazi nahi digu teologoak, eta zientifikoak, ostera, besterik gabe gelaren argia pizten du katua dagoen jakiteko. Graziaz aparte, badu txisteak bere arrazoia.

Hasieran filosofia zen. Grezia klasikoan sortu zen filosofiak zientzia ere hartzen zuen kontuan. Aristotelesen Fisika da froga. Erdi Aroan, Europan zabaltzen ari zen metafisika greziarra bereganatu zuen teologiak, Tomas de Aquino eta bere Summa Theologicae dira adibide argiak, eta, bide batez, filosofia teologia bihurtu zuten garaiko teologoek.

Gero Errenazimentua heldu zen, eta, horrekin batera, zientziaren jaiotza. Zientziak bere bide autonomoari ekin zion ordura arte izandako bidelagunetik banatu ondoren. Galileo, Copernico eta Kepler etorri zen lehenengo, eta Pascal, Descartes geroago; Newton heldu zenerako Zientzia erabat gorpuztua zegoen.

Zientziaren bilakaera azaldu nahian, teoria ezberdinak daude. Popperren iritzian, zientzia metaketa prozezu baten bitartez joan da eraikitzen, eta onartua izan den ereduak onartua jarraituko du izaten aurkako frogarik aurkitzen ez den bitartean. Kuhnek, aldiz, paradigmaren teoria defenditzen du; bere esanetan, paradigma berri bat sortzen denean, Copernicoren heliozentrismoarena kasu, aurrekoa baztertuko da erabat.

Dena dela, XX. mendera arte, zientzialarien helburua jakintza zen, ezagueraren jakinmina, aurkikuntza, ez zegoen zientzialarien arteko sekreturik ezta lehiarik ere. Zoritxarrez, ez da hau gaurko egoera, kapitalak bahitu egin duelako zientzia beraren interesak defenda ditzan. Ez da erraza oinarrizko zientzia, zientzia aplikatua eta teknologiaren arteko mugak bereiztea beraien arteko loturak sendoak baitira.

Bi eremu lantzen dira Unibertsitatean: irakaskuntza eta oinarrizko ikerkuntza. Agian gaur egungo oinarrizko zientzia, batez ere Unibertsitateetan egiten dena, gertuago dago aurreko garaietan Galileo batek egin zuen zientziatik. Baina hemen ere sartu egin da lehiaren pozoia. Gaur egun, Unibertsitate irakasle baten prestigioa argitaratu duen artikuluen kopuruaren araberakoa da. Zenbat eta artikulu gehiago argitaratu, eta artikulu horiek sona handiagoko aldizkarietan azaldu, irakaslearen ikerlari fama handiago izango da. Ez da jakinmina bultzatzaile bakarra, argitaratzea ere motorra bihurtu delako.

Oinarrizko zientzian gauzak horrela badira ere, askoz okerragoak dira zientzia aplikatuan eta teknologian, arlo hauetan kapitala egin baita jaun eta jabe: ikerkuntza patenteen iturria bihurtu da, ez da jakintza eta ezaguera soilik, baizik eta, batez ere, produktua ( botika berriak, arma suntsigarriagoak, makinak, kontsumorako objetuak...) jokuan dagoena.

Aitortu behar da, bestalde, gaur egungo ikerkuntzak ez duela zerikusirik duela ez urte asko egiten zenarekin. Bakartia zen lehen zientzialariaren lana, gaur, aldiz, batez ere, lantaldearena. Orduko laborategiek eta gaurkoek ez dute zer ikusirik, xumeak eta merkeak lehen, konplexuak eta garestiak orain; jeneralistak orduan, espezializatuak orain; eragin ekonomiko gutxikoa aurreko garaietan, izugarrizkoa gaur egungoan non ekonomiaren sustatzaile garrantzitsuenetariko bat bihurtu den. Aipatutako ikerkuntzaren hiru eremuek izugarrizko inbertsioak eskatzen dituztenez, txakur txiki batzuekin elikatzen dira humanista arloko ikerkuntzak, beraiek, gixajoek, ez baituzte patenterik sortzen, ez produkturik ekoizten, ez...Zertarako xahutu diruak historian, filosofian, soziologian edo literaturan ez badira gai patenterik edo ekoizkin berririk sortzeko? Non geratu da jakintzaren gogo asekaitza? Ez al da ari kapitala jakitura bahitzen guztion laguntzaz?

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide