Komunikazio mailak

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo Arriolabengoa Abasolo 2019ko aza. 5a, 17:29

"Zenbat eta zenbat kalakari irratietan, telebistetan, politikan..."

Kalean, tabernetan, han eta hemen ikusten dugu jendea hitz egiten, geldi barik mintzatzen, oihuka berba egiten. Sarritan pentsatu dut hobe dudala isilik egon hitz egin baino. Mintzatzeak komunikazioa eskatzen du, eta komunikatzeko ezer ez dugunean hobe isildu. Duela urte asko irakurri eta buruz ikasi nuen honako esaera hau: "Zoriontsua hura, ezer esateko ez duela, hitzekin egiaztatzeari uko egiten diona". Zenbat eta zenbat hitz alferrik erabiltzen diren ezer ez esateko, zenbat eta zenbat kalakari irratietan, telebistetan, politikan eta eguneroko bizitzan!

Bost izan litezke hizketaldiaren komunikazioaren mailak, edukia, sakontasuna eta solaskideen inplikazio pertsonala kontuan hartzen direnean. Igogailuetan eramaten den hizketa gatzgabea, elkarri begiratzean sentitzen dugun larritasuna apurtzeko hitzak, "eguraldi ona gaurkoa" eta antzeko esaldiz osatzen duen solasaldia, lehenengo mailan kokatuko genuke. Hizketaldi motza, igogailua zabaldu arte luzatzen dena, isilguneak sortzen duen tentsioa apurtzeko, besterik gabe, balio duena.

Bigarren mailako elkarrizketa mota luzeagoa izanda ere, ez du inongo sakontasunik, mintzakideek beraiez baino besteez hitz egiten dute, eztakit nor eztakit norekin ezkontzekoa dela, edo eztakit nork izan duen umea neskatila dela. Bigarren maila honetan badago informaziorik, nahiz eta munta gutxikoa izan.

Hurrengo mailan, hirugarrenean, solaskideak beraiek izango dira protagonista, baina azalezko kontuez egingo dute berba, norberaren egunerokotasunaz, sakontasunik gabe. Informazioa aurreko mailakoarena baino aberatsagoa izan arren, azalekoa jarraitzen du izaten.

Laugarren mailan ikutzen diren gaiak beste begirada batez ikusten dira, gaiak ganorakoak eta sakontasunez aztertzen dira. Egunerokotasunez hitz egiten bada, ez dira azalean geratzen, zergatiez galdetzen da zentzuzko erantzunen bila. Gaiak askotarikoak izango dira; politika, ekonomia, kultura, eta hizketakideek gaien inguruan duten informazioak eta iritziak ondo oinarrituak izango dira. Solasaldi onuragarriak izango dira, eztabaidatsuak, norberaren munduaren-ikusmiraren nondik norakoak agerian geratuko dira, eta, alde horretatik, iritziekin batera, norberaren izaera azalduko da.

Azkenez, bosgarren maila, aurrekoari falta zaiona eranstera dator. Sakona da maila hau, bai gaiei zein informazioei dagokienez ere, baina, horrez gain, solaskideen arteko intimitatea partekatuko da. Zer esanik ez , hau da maila gorena, adiskideen arteko hizketaldietan sortzen dena, informazioa eta ideiekin batera, pozak eta tristurak, arazoak eta nahigabeak, momentu onak eta ez hain onak, irriak eta malkoak partekatzen baitira. Lehenengo hiru mailetako elkarrizketetan edozein izan liteke hizketakide, solaskide gutxiago dira laugarren mailara heltzen direnak eta, zer esanik ez, are gutxiago bosgarren mailan koka daitezkeenak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide