Laugarren iraultza teknologikoaren atarian gaude. Egia bada munduan zehar zabalduak direla gerrak hainbat lekutan (Somalia, Etiopia, Kongo, Siria, Yemen), asko direla ere tentsioguneak (AEB-Errusia arteko misil atomikoen armagabetze itunaren gorabeherak, Mediterraneoan inmigrazioa, Palestina, Venezuela, AEB-Txina arteko merkataritza-borroka, Brexita, Europan indartzen ari den eskuin muturra), badago ere ikusezina den beste gerra, ezkutuan gertatzen ari dena, eta gaur egun munduko lehen bi potentzien artekoa: teknologiaren gerra.
AEBak izan dira orain arte jaun eta jabe komunikazioaren teknologian, munduko hogei enpresa teknologiko handienetatik hamalau amerikarrak baitira, bat Alemaniakoa, bat Koreakoa, Indiakoa beste bat, Holandakoa da beste bat, eta azken biak Taiwan eta Txinakoak dira. Esaten da industria iraultza bakoitzaren atzean iraultza teknologikoa dagoela: lurrun-makina, elektrizitatea, informazio eta komunikazio teknologia.
Badirudi laugarren iraultzaren aurrean gaudela bere iraultza tekonologikoaz batera, 5G sareen teknologiarena hain zuzen, 4.0 Industria eta gauzen Interneta bideratzeko nahitanahiezkoa bihurtuko dena. Soilik 5G teknologia, gaur egungoa baino hamar aldiz eraginkorragoa omen dena, gai da gidaririk gabeko kotxeak dituen hamarnaka sentsoreek jasotzen duten informazioa kontrol sistemara bidaltzeko, eta, 5G teknologiarena da, preseski, gaur egun AEBen eta Txinaren artean libratzen ari den gerra gogorra bezain isilpekoa.
Kanadan gertatu den Huawei Txinako enpresaburuaren atxiloketa gerra honen jazoera besterik ez omen da. Bi estrategia ezberdin zabaldu dituzte bi estatuek teknologia garatzeko. AEBek ekimen pribatuaren bidez apustu egin zuen bitartean, Silikon Valleyn diren enpresen bidez, publikoak diren enpresen alde jokatu du Txinak Shenzen hiri teknologikoa sustatuz. Badirudi Txina 5G teknologia zabaltzear dagoela eta beldur dira AEBetan ez duen Txinak teknologia hori aprobetxatuko estatuen eta enpresen espioitzarako.
Zein bidetik joko dute mendebaldeko telekomunikazio enpresek (Telefonica, Deutsche Telekom, Vodafone, Orange Europan eta enpresa amerikarrek) 5G tekonologia erabiliko dutenean, Ameriketatik etorriko dena edo, aitzitik, txinatarrena? Ez da hasiko AEBen gailentasun teknologikoa astiro astiro atzera jotzen Txinak lekua irabazten duen neurrian? Ez du Txinak ere beldur bera izango amerikarren 5G teknologia espioitzarako erabil lezakeelako? Zein aterako da irabazle gerra ezkutu, isilpeko eta anker honetatik? Ez al da hau munduaren nagusiagoaren aldeko gerraren besteen arteko gatazka izango, garrantzitzuenetako bataila bai, baina ez bakarra ezta azkena ere?