Etxe-animaliak

"Katua katua da, berekoia, beti prest nahi duena lortzeko, pazientzia handikoa, tematia, behatzailea, isila".

Moda berria da etxe-animaliarena, eta nahiko zabaldua azken urte hauetan, txakurrak nonahi ikusten baitira, eta katuak, nahiz eta kaleetan ez ikusi, ohikoak dira hiriko etxebizitzetan.

Honela pentsatzen du txakurrak: "Nire jabeak zaintzen nau, maitatzen nau, janaria ematen dit, Jaungoikoa da"; aldiz, hona hemen katuak dioena: "Nire jabeak zaintzen nau, maitatzen nau, janaria ematen dit, Jaungoikoa naiz". Gizakiak gizakitzen ditu etxe-animaliak, eta animaliek, txakurrek batez ere, txakurtu jabeen bizitza. Fenomeno honen atzean zer dagoen jakitea ez da erraza izango, baina hipotesi moduan hiru dira nik aipatuko nituzkeenak: zaletasuna, bakardadea eta norberaren pertsonalitatearen gabeziak.

Asko izango dira animaliak gustoko dituztenak, animaliekin gozatzen dutenak eta prest daudenak, ardura guztien gainetik, etxe-animaliak pisu batean edukitzeko, animalien zaintzak lanak dakartzala jakitun. Badira, hala ere, seme-alaben apeta asetzeko animaliak etxeratzen dituztenak handik gutxira edozein bazterretan abandonatzeko gero.

Bigarren hipotesiak pertsonaren egoerarekin du zerikusia. Hiritar asko dira bakarrik bizi direnak, edadetuak batez ere, eta gogor egiten zaie orduak eta egunak bakardadean bizitzea. Etxe-animaliek aukera ematen diete hitz egiteko, ferekatzeko, elkarrekin orduak igarotzeko, eguneroko osteratxoa lagundurik egiteko.

Azkenik, badira pertsonalitate bakartiak ere, lotsatiak, ahulak, bere lagunen artean ausartak ez direnak eta animalien artean agintzeko eta norbait direla demostratzeko aukera aprobetxatzen dutenak.

Zoria izan dugu emazteak eta biok, badugulako, gureak ez izan arren, gureak balira bezala hartzen ditugun Oker txakurra eta Simba katua. Mendira eramaten nuen txakurra orain sei hilabete hil zen arte, eta gurekin egoten da katua herrian gauden denboraldietan. Izugarri gozatzen dut Simbaz, katuen portaera ikasteko abagune ezin hobea eskeitzen dit eta.

Katua katua da, berekoia, beti prest nahi duena lortzeko, pazientzia handikoa, tematia, behatzailea, isila. Heldu dela edo non dagoen jakinarazteko erabiliko duen miauaren tonua berezia izango da. Janaria eskatzeko miauaren hotsa, bigunagoa, leunagoa izango da, eta, miauka dagoen bitartean, zure zangoen artean behin eta berriz pasatuko da, etzanda jarriko da laztandu diezaiozun, mainatsu.

Hori bai, bapo jan ondoren, bere garbiketekin hasiko da inongo jaramonik egin gabe, inoiz ezagutu ez bazintu moduan. Lasai, erdi lotan aulkitxo gainean dagoenean ferekatzen badiozu, zakarra izango da bere miaua, "utzidazu pakean" esango balu modukoa. Baina gustora dagoenean, fereka artean urruma egingo du, lasai, gozatuz. Araldi garaian ez da egunetan etxera etorriko bere miauka haserrea urrun entzun arren, eta zauritua eta erdi herren bueltatuko da, argalduta eta gose. Hotza zein beroa izan, jakingo du aurkitzen lekurik aproposena bere loaldi luzeak egiteko. Horrela dira katuak eta horrela da Simba.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago