Oso interesgarria Elhuyar aldizkariaren irailaren zenbakian krisialdi ekologikoaren inguruan irakurri dudan artikulua. Nazio Batuen IPBES (Intergovernmental Science and Policy Plataform on Biodiversity and Ecosystem Services) erakundeak emandako datuekin hasten da artikulua, eta Unai Pascual García de Azilu eta Noelia Zafra Calvo Basque Centre for Limate Change teknikariei eginiko elkarrizketetaz bukatu. Goazen, bada, lehenengo, datuekin.
Jarraian doazen datuak IPBES erakundearen azken txostenean azaltzen diren datuak dira: miloi bat espezie galtzeko zorian daude; Lurraren azalaren % 75 aldatu dugu gizakiok kolpeka, deforestazioaz, nekazaritza intentsiboz, lurrak urbanizatuz; munduko zingiren % 80 eta baso-azalaren % 32 suntsitu dugu; 1900 urtetik hona espezien %20 desagertu da eta beste %13 desager daitezke datozen urteotan. Bitartean, munduko populazioa bikoiztu egin da; barne-produktu globala, laukoiztu; nazioarteko merkataritza hamar aldiz handitu. Hazkunde ekonomikoaren dogma albo batera utzi behar dela dio txostenak.
Bigarren, Unai Pascualaren ikuspuntua: Bioaniztasuanaren galeraren arazoaren erdigunean gizartea eta ekonomia daude: lurraren eta itsasoaren erabilera, natura-baliabideen zuzeneko esplotazioa, klima-aldaketa, kutsadura eta espezie inbaditzaileak. Baina, oinarrian, zeharkako eragileak daude: gizabanakoaren portaeren eta balioen aldaketa, kontsumo eta ekoizpen ereduak, nazioarteko merkataritza, joera demografikoa, berrikuntza teknologikoa eta gobernamtza-eredua.
Ikertzailearen iritziz, ez da bakarrik krisi ekologikoa aurrean duguna baizik eta krisi sozioekologikoa: gizartea bera eta hark sortu eta mantentzen duen gobernantza-sistema dira krisiaren erantzule. Bizitzaren oinarri sozioekonomikoa berrasmatu behar dugu. Materialki eta energetikoki hazi beharrean, gizarte-metabolismoa murriztuko duen eredua jarri behar dugu martxan. Ongizatea kontsumo material eta energikoetatik harago dagoela txertatu behar dugu imaginario kolektiboan.
Beraz, artikuluaren mezua: ekologiatik sozioekologiara, sozioekologiatik sozioekonomiara. Hau da panorama.
Beharrezkoak dira Greta Thumberg buru den Fridays for Futur ekimena, kalearen presioa ezinbestekoa, politikoen eta botere faktikoen aurrean behin eta berriz ekitea gobernantza-eredua alda dezagun baina, premiazkoa ere protestaren eta norbanakoaren arteko koherentzia izatea. Beste bizimodu ezberdin baterantz zuzendu behar dugu gure eguneroko bizitza, kontsumismotik zentzuzko kontsumora, gehiegikeriatik neurritasunera.
Nahitaezkoa da egunero dutxatzea uraren eskasia eta berotzeko xahutu behar den energia jakinda? Edo egunero jantziak aldatu eta garbitu, uraren eta energiaren kontsumoa handiagotuz eta uraren kutsadura gehituz? Urtero arropak edo zapatak aldatu modak horrela egitera bultzatzen gaituelako? Beharrezkoa da Gabonetan gereziak kontsumitzea Txiletik datozela jakinda? Ez da ekologikoago bertako edo inguruko janariez elikatu? Joan etorriak oinez, bizikletaz edo garraio publikoz egin?
Plastikoen erabilera murriztu; zaborra gutxitu eta birziklatu; munduko beste muturrera oporretan joateari utzi... Kontsumismotik aldendu; izatea lehenetsi, edukitzea edo itxura alboratuz; erabilera jabetza baino; norberaren loratze pertsonalari garrantzia eman; publikoa eta komunitatea defenditu indarrean dauden pribatizazioaren aldeko joerak baztertuz. Aipatutakoak adibide xume batzuk besterik ez dira, norberak, manifestzioetatik haratago, portaeren eta balioen aldaketaren bidetik jorratzeko aukerak.