Foru Aldundiaren "2016-2020 Arabako Lurralde Historikoaren Ur-horniketarako eta saneamendurako Egitasmoa" dokumentura jo dut gutxieneko informazioa jasotzeko helburuaz. Dokumentu luzea, 245 orrialdez osatua, teknikoa eta interesgarria. Uraren ziklo osoaren eskuduntza (ur-bilketa, horniketa, banaketa eta garbiketa) udalei dagokie, baina Araban, betidanik, Kontzejuen eginbeharra izan da. Dena dela, ur kudeaketarako formula ezberdinak erabiltzen ari dira gaur egun: kontzejuak, mankomunitateak, partzuergoak, enpresa publikoa (AMVISA Gasteizen).
Sakonki aztertzen du egitasmoak Arabako gaur egungo ur kudeaketa eta proposamen batzuk mahaigaineratu. Ez naiz orain egitasmoa sakonki azaltzera sartuko, baina bai puntu adierazgarrienak aipatzera. Orokorrean, uraren ziklo osoaren egoera ez omen da ona Araban. Ur-horniketan ipini da batez ere arreta, baina, gutxiago uraren garbiketan. Europak eskatzen duenaren kontra, urarengatik ordaintzen diren tasek ez dituzte estaltzen ustiapen-kostuak. Azpiegituren mantenimendua eskasa da. Inbertsioetarako arazoak dituzte kontzejuek eta Foru Aldundiaren laguntza beharrezkoa zaie. Inbertsioen amortizazioak ez dira kontabilizatzen eta, beraz, ez dira uraren ordainagirietan egozten; bestalde, ez da Balio Erantsiaren Gaineko Zerga kontuan hartzen. Uraren salneurria garestia ateratzen da herriak oso txikiak direlako.
Kontzejuek daramaten kudeaketa borondate onez egiten da, baina profesionalizazio eskasarekin. Egiten diren kontratazioak ez dira lege aldetik egokiak esleipen zuzenaren bidea delako erabiliena. Kontzejuek duten eskuduntzari uko egin gabe, kontuan izanik mankomunitateetan ezin dutela parte hartu kontzejuek, arestian aipatutako akats guztiak gainditze aldera, partzuergoaren formula proposatzen du txostenak non, kontzejuekin batera, Foru Aldundiak ere parte hartuko lukeen. Kudeaketa tekniko eta profesionala eskeiniko luke partzuergoak, legalitatea bermatu, eskala-ekonomia ekarri, uraren banaketaren sarearen egoera zaindu eta, azkenez, Europak ezarritako baldintzak betearaziko lituzke.
Hau guztia onargarria izanda ere, egia da, bestalde, gaur egun kontzejuen kudeaketa profesionala ez izan arren, kudeaketa parte-hartzailea dela, auzolanean oinarritua, herritarren inplikazioa eskatzen duena. Eta egia da ere uraren kudeaketan gauzak erabat aldatu direla, duela hirurogei urte herri txikiek ez zutela ura etxeetan eta plazako iturrira jo behar izan zutela uraren beharra asetzeko. Ordutik ona inbertsio handiak egin dira, eta osasunaren aldetik indarrean ezarri diren baldintzak oso zuhurrak dira. Badute Kontzejuek ahalmen ekonomiko eta tekniko behar adina gaur egun uraren kudeaketa bideratzeko? Partzuergo batean, non bilduko liratekeen zonalde zabal bateko hogeita bost edo hogeita hamar herri txiki, ez legoke bermatuago uraren horniketa era osasuntsuagoan eta ekonomikoagoan? Ez dira, bestalde, antzinako herritarren parte hartzeko bideak gero eta murriztuagoak geratzen, kudeaketa zentralizatzen eta gero eta gehiago urruntzen? Ez du honek, antzeko beste neurriekin batera, kontzejuen desagerpena ekarriko? Non geratzen da edo geratuko da, orduan, demokrazia parte-hartzailea? Hona hemen tradizioaren eta modernitatearen arteko beste tirabira. Bestalde, herri txikietako gaur egungo biztanleek badute beraien gurasoek izan zuten auzolanerako gogoa eta borondatea, eta prest daude uraren tratamenduaren kudeaketa osoa aurrera ateratzeko legeak eskatzen dituen baldintza guztiak osatuz?