Amazonia sutan

Pixnio

"Kalkulatzen da pertsona batek bere bizitzan zehar arnasten duen oxigenoa ekoizteko hogei zuhaitz behar direla".

Sutan dugu Amazonia, milaka puntutan suak hartua. Baimena eman dio Bolsonarok ejertzitoari sutea amatatzen ari direnei lagun diezaien. Milaka hektarea kiskalita nekazaritza industrialaren onurarako, enpresek bultzatzen duten politika arborizidaren mesederako.

Amazonia munduko birika da, eta ezin dute ez enpresek ezta Brasilgo gobernuak ere, jabe bakarrak balira, oihana kudeatu. Hona hemen jabetza pribatu-publikoaren arteko betiko tirabira, interes pribatuen eta publikoen arteko betiereko gatazka. Norena da arnasten dugun airea edo edaten dugun ura? Kalkulatzen da pertsona batek bere bizitzan zehar arnasten duen oxigenoa ekoizteko hogei zuhaitz behar direla. Baina, horrez gain, arbolek tenperaturaren eta hezetasunaren erregulartzaile dira eta, beraz, bizitzarako ezinbesteko oinarria.

Amazonia, nahiz eta Brasilen, Bolivian edo Perun kokatua egon, bertakoen ondasuna izanda ere, ez da gizateriaren ondasuna dela aldarrikatu beharko? Duela hilabete batzuk Notre Dame katedralak sua hartu zuenean mundu osoan zabaldu zen sutearen oihartzuna. Ez da, zoritxarrez, gauza bera gertatu Amazonia sutan dagoenean. Biak dira gizadiaren ondasuna, baina Notre Dame katedralik gabe bizi gaitezkeen bitartean, ezin dugu Amazoniarik gabe. Antropozentrismoaren beste adibide baten aurrean gaude. Naturak ez du gizakiaren beharrik, baina, bai, aldiz, gizakiak naturarena. Nire uste apalean, kontuan izanda Brasilen Bolsonaro eta enpresa multinazionalak direla oihanaren kudeatzaileak, hobe dugu biztanle bakoitzeko hogei zuhaitz ziurtatu eta, beraz, hementxe bertan gure basoak ondo zaindu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago