Mari Domingi, bai? Ez? Eztabaida puri-purian, pertsonaia hezur-haragitzeko gonbidapena heldu zitzaidan. Buruhauste dezenteren ostean, eragiteko aukera bezala ulertu eta baiezkoa eman nuen: Mari Domingi Olentzeroren emakume loreontzi ideiatik urrun kokatzeko aukera zen. Gabonetako haien homologoek bezala, ordezkatzen duten kontsumoaren gizartearen aurrean bestelako baloreak eta ezagutzak zabaltzeko modua ere izan zitekeela otu zitzaidan.
Behin saltsan sartuta, gaiaz zeresan interesgarria duten hainbat lagunen iritziak jasotzeari ekin nion. Eta aitortu beharra daukat Olentzero emakumezkoa edo Queer-a aldarrikatzearen proposamena benetan tentagarria egiten zaidala. Izan ere, jatorrizko Olentzerok ez zuen genero-markarik, baina, Euskal Herrira zabaltzean, genero hausnarketarik egin ez, eta Olentzero gizonezkoa nagusitu zen. Ondo dakigunez, ez zen ausazkoa izan.
Parekidetasunaren izenean, urte batzuk beranduago Mari Domingi asmatu zen; egiari zor, hausnarketa sakonik egin gabe. Poliki-poliki, pertsonaia berriak bere tokia egin du gure artean. Gustatu edo ez, trena martxan da, eta errailetatik irtenaraziko bada ikuspegia, elkarlana eta denbora ezinbesteko bidelagunak izango dira. Bien bitartean, ez dugu asko galtzeko oraindik sortze-prozesuan dagoen horri ahalik eta definiziorik duinena ematen saiatzeagatik. Eta irabazteko, zertxobait.
Beraz, gaur-gaurkoz, proposamen aurrerakoiagoak egikaritzea zaila dela –ez ezinezkoa– ulertuta, Mari Domingi ahaldundu bat plazaratzearen aldekoa da nire apustua.
Testuinguru horretatik abiatuta, tarteka-marteka ordezkatzen dudan Mari Domingi ez da Olentzeroren laguntzailea, ezta emaztea ere. Proposatzen dudan pertsonaia “hetero-arautik” at dagoen emakume aske eta independentea da. Artzaina da, eta lurra lantzen oso trebea. Oso ondo ezagutzen ditu eguzkiaren ibilbidea eta ilargiaren gorabeherak; baita sendabelar desberdinen erabilerak ere. Mari Domingi eta Olentzero aspaldiko lagunak dira. Euren etxeak oso hurbil daude, eta askotan batzen dira elkarren berri emateko, suaren bueltan. Norberak duena eta dakiena partekatzen du, auzolanean. Neguko hotzari aurre egiteko ikatza banatzen laguntzearen truke, Olentzerok ardi-gazta egiten laguntzen dio Mari Domingiri. Egurra lantzen, eta, oro har, eskulanetan trebeak dira biak; aukera egotekotan, opariak erosi baino, haiek beraiek egitea nahiago dute.
Trenbidea ahalik eta hoberen atontzen saiatzen eta bidea hobetzeko, desegiteko, eraldatzeko... proposamen guztiei irekita.
Egun berri on guztioi!