Euskalgintzak mugimendu feministaren bitartez izan zuen ahalduntzearen, ingelesezko empowerment kontzeptuaren, berri eta ordutik horren inguruko lanketa interesgarria egin da. Ekar dezagun gogora, besteak beste, 19. Korrikaren lema: Euskahaldun.
Lorea Agirreri entzun nion behin, gizarte kapitalista, patriarkal eta monokulturalaren kontrako borroka guztiak ahizpak direla, justizia sozialaren markoan kokatu beharreko borrokak. Eta logikoa dela borroka batean hasi eta bestera jauzi egitea.
Abiapuntu honetatik, aurrekoan Gasteizen egindako 9. emakumearen lasterketa dela eta azken egunotan buruan bueltaka izandakoa partekatzera nator…
Bost kilometroko lasterketa, gizonen bat edo beste eta 6000 emakume inguru, bularreko minbiziaren prebentzioaren eta bizimodu osasuntsuaren alde korrika, printzipioz.
“Marea larrosa Gasteizen” hurrengo eguneko lerro-buruetan. Larrosa bai, izan ere, larrosa zen lasterketako parte-hartzaileei oparitutako “Hoy ganan las chicas” lemadun kamiseta. Gaztelera hutsean idatzitako lema, lasterketaren inguruko guztia bezala. Euskararen arrastorik ez.
Kamisetarekin batera, lasterkariaren poltsa oparitu zitzaien parte-hartzaileei, ia %100 emakumeak. Kit horretan: fruta ukitudun 0,0 garagordoa, Hola aldizkariak, light mahonesa, erosketak egiteko poltsa, 0,0 esnea, estetika medikuntza eta laser depilazioaren inguruko informazioa... Fairyrik ez begira. Nonbait galduko zen.
Lasterketaren babesle nagusiak, Central Lechera Asturiana, Oysho emakumezkoen barne arropa marka, DKV aseguruak eta Santander bankua, beste marka handi askoren artean. Capisci, ezta?
Balore on mordodun ekimen bat bezala saldu nahi izan digute emakumearen lasterketa, baina euskaldun eta feminista garenoi ez digute ziria sartu.
Lasterketaren erakunde kolaboratzaile diren Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari eskari bat: Etorkizunean antolatuko diren lasterketaren edizio berriak eta antzeko ekimenak babesterako orduan, betaurreko more eta euskaldunak jantzi, mesedez. Zertan eragin badagoelako.
Emakumearen Lasterketa, feminismoa eta euskalgintza eskutik helduta borrokatzea zentzuzkoa eta beharrezkoa dela berresten duen beste adibide bat.
Artikulu honen jatorrizko bertsioa Info 7 irratian argitaratu da.