Gaztatan 12.540 euroko lapurreta egiten saiatu dira

Gazta partida bat, artxiboko irudi batean. MIKEL ARRAZOLA / IREKIA

Gorbeialdeko gazta enpresa bati eskatu diote produktua, ordaindu gabe. Bilbon bi pertsona atxilotu dituzte, iruzurra leporatuz.

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Bilbon, Arabako gazta enpresa bati 12.540 euroko iruzurra egiten saiatzeagatik.

Gizon bat eta emakume bat dira atxilotuak, Segurtasun Sailak atzo arratsaldean zabaldu duenez. Iruzur hori egiteko, hirugarren pertsona baten NANa erabili dute.

Astelehenean salatu du iruzur saiakera Gorbeialdeko Kuadrillako gazta enpresa baten arduradunak Gasteizko Ertzaintzaren komisarian. Agenteei esan die WhatsApp bidez 12.540 euroko gazta eskaera bat jaso duela, eta astelehenean bertan gazta bidaltzear zegoen arren, oraindik ez zuela banku bidezko ordainketarik jaso. 

Salaketaren ondoren, Ertzaintzak egiaztatu du eskaera egiteko erabilitako NANa beste batzuetan ere erabilia zela iruzur egiteko, jabea ordeztuz.

Arratsaldean ertzainak enpresara bertaratu dira, eta gazta jasotzera joandako garraiolariari galdetu diote ea eskaria nora eraman behar zuen, baina erantzun die artean ez zekiela helbide zehatza.

Azkenean, Otxarkoaga auzora iritsi dira garraioa jarraituz, eta bertan 63 urteko gizon bat eta 23 urteko emakume bat identifikatu eta atxilotu dituzte, iruzur delitua leporatuz. Gizonezkoak ebasketagatik aurrekari bat zuela zabaldu du Ertzaintzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago