Pertsonen eta animalien etengabeko igarotzeak baita gailurraren baldintza klimatikoak ere Gorbeian dagoen gurutzearen oinarriaren ingurunea higatzea eragin du, eta zimendua bermatzen duen eremuaren zati bat agerian geratu da. Hartara, Arabako eta Bizkaiko diputazioek gurutzearen egituraren oinarria indartu eta egonkortzeko eta behar bezala kontserbatuko dela bermatzeko lanak hasi dituzte.
Diputazioek ohartarazi dute lanek hilabete inguruko iraupena izango dutela. "Aldi horretan gurutzearen eta materialak biltzeko egokitutako gunearen perimetroa itxita egongo da, eta, beraz, lanak egiten diren bitartean ezin izango da gune horietara hurbildu".
Hala ere Gorbeiako gailurrerako sarbidea irekita egongo da, oro har. Bakarrik mugatu beharko da obraren fase jakin batzuetan, segurtasun neurriak zorroztu behar badira. Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek jarritako seinaleei kasu egiteko eta une oro basozaintzako langileen eta inguruan dauden bi aldundietako langileen jarraibideei jarraitzeko eskatu diete Gorbeiako Parke Naturalera hurbiltzen diren pertsonei.