Ikasturte hasierarekin batera, ohiko moduan, Zigoitia Euskaraz egitasmoa ospatuko dute, euskararen erabilera sustatu eta herritarren arteko elkargunea bultzatzeko asmoarekin. Jarduerak irailaren 5ean, larunbatez, hasiko dira Berrikanon. Egun horretan, besteak beste, bizikleta martxa, Bapatean Zirko taldearen emanaldia eta Patxi eta Konpainiarekin dantza plaza izango dituzte bertaratutakoek.
Hurrengo egunean, irailaren 6an, igandez, bisita gidatua egingo dute Ondategin Abadelaueta elkarteko lagunekin batera; Sarragoan hasiko dute, 11:00etan, Zigoitiko ermandadea eta Santa Luziako baseliza ezagutzeko. Kultura egitarauarekin jarraituz, Mairu abesbatzaren emanaldia izango da Ondategiko elizan, 12:30ean.
Azkenik, hurrengo asteburuan iritsiko da egitasmoaren egun handia: irailaren 13an Zigoitia Euskaraz Eguna ospatuko dute Muruko harrobietan. Jaialdia borobiltzeko, herri bazkaria eta Joxe Mendizabalekin erromeria izango dituzte, beste hainbat jardueraren artean.