Mikel Landa Frantziako Tourretik kanpo geratu da bizkarreko lesioagatik

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 1a

Ez da arabarrik izango aurtengo Frantziako Tourrean. Argazkia: Soudal Quiqk-Step.

Murgiako txirrindulariak ez du 2026ko Frantziako Tourra lehiatuko, azken asteetan arrastaka daraman bizkarreko lesio iraunkorragatik. Uztailaren 4an Bartzelonan hasiko da aurtengo edizioa, eta Landak huts egingo du, bigarren urtez jarraian.

Mikel Landa ez da 2026ko Frantziako Tourrean izango. Soudal Quick-Step Landaren taldeak baieztatu du Arabako txirrindularia ez dela irteeran egongo, azken asteetan pairatzen ari den bizkarreko lesio iraunkorrak ez diolako utzi garaiz lehiatzeko aukerarik. Murgiako korrikalariak bigarren urtez jarraian galduko du txirrindularien egutegiko hitzordu nagusienetakoa. Aurtengo edizioak uztailaren 4an izango du Grand Depart hasiera Bartzelonan.

Denboraldiaren hasieran, Landak istripu larria izan zuen Euskal Herriko Itzulian, mediku auto batek harrapatuta erori egin zen, eta pelbiseko haustura jasan zuen. Lesio horrek geldirik eduki du ia denboraldi osoan. Suitzako Itzulian saiakera egin zuen, baina ezin izan zuen lasterketa amaitu, min handia zuela eta.

Taldeak azaldu duenez, "bizkarreko lesio iraunkorrak" ez dio behar bezala errekuperatzen utzi, eta horregatik hartu dute erabakia. Landak berak ere aitortu du egoera gogorra bizitzen ari dela: "Oso etsita nago ezin izango dudalako bertan egon, Giroa ere galdu ondoren. Urte zaila izan da, eta Suitzan arazoak izan ondoren ohartu nintzen ez zuela zentzurik Tourrean parte hartzeko ahalegina egiteak". Txirrindulariak azpimarratu du orain lehentasuna atseden hartu eta erabat osatzea dela, etorkizunari begira. Helburu gisa jarri du bi hilabete barru Espainiako Vueltan parte hartzea da, baldintza onetan.

Landa bosgarren izan zen 2024ko Tourreko sailkapen nagusian, eta adierazi dute hutsune nabarmena izango dela aurten Soudal Quick-Step taldearentzat. Beste zortzi txirrindularirekin osatuko dute Belgikako taldea, besteak beste Tim Merlier edo Jasper Stuyven izango dira zortzikoan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago