EAJ kezkatuta agertu da Gorbeialdeko Kuadrillako hondakinak biltzeko zerbitzua kudeatzeko enpresa publiko edo erakunde instrumental berri bat sortzeko EH Bilduk egin duen proposamenaren harira. Orain arte aldundiak kudeatu du zerbitzua, baina zerbitzuaren defizitak direla eta bestelako ereduak bilatzen ari da kuadrilla.
Hala, iragan astean kuadrillako batzarkideei luzatu zitzaien hondakinen bilketa sistema kudeatzeko ereduen inguruko analisiaren zirriborro bat ekarpenak jaso ahal izateko, eta etorkizunean hartu beharreko zenbait erabaki definitzen hasi ahal izateko.
Ordainagiriarekin kezka
Jeltzaleek salatu dute EH Bilduk aurkeztu duen txostena ez dela nahikoa ereduaren aldaketa bermatzeko. "Bereziki larria da aurrera egin nahi izatea, dokumentuak berak bere ondorioak egiteke dituenean. Ez gaude erabaki txiki baten aurrean; funtsezko zerbitzu batez ari gara, azpiegituretan inbertsio garrantzitsuez, langile horniduraz, balizko auziez eta horrek guztiak Gorbeialdeko familia, denda eta jarduera ekonomikoen zaborren ordainagirian izan dezakeen eraginaz", adierazi dute.
Gorbeialdeko EAJk azpimarratu du egungo zerbitzuak akatsak dituela eta zuzendu egin behar direla. Hala ere, ohartarazi dutenez, gauza bat da kontratuak funtziona dezan eskatzea, kontrola indartzea, pleguak hobetzea eta kalitatezko zerbitzua bermatzea, eta, oso bestelakoa, egitura publiko iraunkor berri bat sortzea, "lehenago eraginkorragoa, merkeagoa eta herritarrentzat seguruagoa izango dela erakutsi gabe".