Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Legution, bikotekidea jipoitzea egotzita

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 29a

Legutioko eraso matxista salatzeko, elkarretaratzea egin dute igandean plazan. Argazkia: LEGUTIOKO GAZTETXEA

Emakumea ospitalean artatu behar izan dute jasandako zaurien ondorioz.

Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu du larunbatean Legution, genero indarkeria delitua egotzita, bere bikotekideari eraso egiteagatik. Biktimak, 39 urteko emakumeak, ospitalera joan behar izan du urgentziaz, jasandako zauri eta kolpe larrien ondorioz.

Gertaerak larunbat goizeko lehen orduan jazo dira bikotea bizi zen etxebizitzan. Emakumeak etxetik ihes egitea lortu du eta herrigunean laguntza eskatu du. Ertzaintzaren patruilak bertaratu direnean, biktima atarian aurkitu dute, jipoi bat jaso izanaren zantzu argiekin. Erasotzailea etxe barruan gotortu da eta uko egin dio bere borondatez ateratzeari. Ertzaintzak atea bota behar izan du gizona atxilotu ahal izateko.

Polizia iturrien arabera, atxilotuak aurrekari ugari ditu. Azken hiru urteetan urruntze eta komunikazio agindua hogei aldiz baino gehiagotan urratu du. Epailearen esku utzi dute atxilotua.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago