Adinekoen egoitza publiko bat eskatu dute Urkabustaizko nagusiek

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 26a

Urkabustaizko nagusiak kanpora joan behar izaten direla salatu dute. Argazkia: ALEA.

Aldundiari herrian egoitza bat sortzeko eskatu diote, bizilagunak kanpora joan behar izan ez daitezen. Landa eremuko beharretara egokitutako egoitza aldarrikatu du Urkabustaizko nagusien herri plataformak.

Urkabustaizko Nagusien Herri Plataformak adinekoentzako egoitza publiko baten "berehalako premia" dagoela ohartarazi du. Salatu dutenez, Izarrako Zabalbideko nagusien egoitza itxi zenetik herrian ez dago adinekoak artatzeko baliabiderik, eta kezka adierazi dute herritarrek.

Plataformaren arabera, pertsonak bizi izan diren ingurune berean zahartzeko eskubidea bermatu behar dute erakunde publikoek. Bereziki zaintza beharrak dauden uneetan, "urruneko lekuetara mugitzera behartuak izan gabe".

Nabarmendu dute biztanle ugari zahartzen ari dela eta gaur egun Urkabustaizko zenbait bizilagun beste udalerrietako egoitzetan bizi direla. Aldundiaren Gizarte Ongizaterako Foru Erakundera jo dute herritarrek, egoitza publiko bat eskatzeko, adinekoen zaintzarako plan integral baten barruan.

Egoitza berriak hainbat zerbitzu eskaini beharko lituzkeela diote, "udalarekin elkarlanean"; hala nola mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako eguneko zaintza, edo behar dutenentzako otorduak prestatzeko zerbitzuak. Salatu du egun zerbitzu publiko gehienak Gasteizen daudela, eta horrek desoreka handia sortzen duela landa eremuko herritarren eta hiriguneko biztanleen artean, "ekitate eza eta diskriminazioa" gaitzetsi dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago