Gorbeialdeko Kuadrillak atzera bota du berdintasun politikak garatzeko aldundiak aurkeztu dien hitzarmena, eta edukiak eta baldintzak berrikustea proposatu du. Agustin Otsoa Eribeko Landa presidenteak azaldu duenez aurkeztutako hitzarmenak ez ditu eskualdearen beharrak eta errealitatea behar bezala kontuan hartzen, "eta horregatik ezin dugu gaur egun planteatzen den moduan babestu".
Alta, berdintasun politikak indartzeko eta teknikarien lana egonkortzeko helburua partekatzen dituztela nabarmendu du.
Kuadrillako presidentearen arabera, ez da hitzarmenaren edukia aldez aurretik kontrastatu ez udalekin, ez eta Kuadrillarekin ere. "Aldundiak ezarritako baldintzak aldebakarrekoak dira, eta ez dute kontuan hartzen eskualde honen berezitasunak, antolaketa ereduak eta beharrak", azpimarratu du. Gainera, hitzarmenaren dokumentazioa "berandu eta osatu gabe" iritsi dela kritikatu du Otsoa Eribekok.
Presidenteak uste du, halaber, Berdintasunerako Hitzarmena ez dela tresna bat udalen eta kuadrillaren lana errazteko edo baliabideak optimizatzeko; "aitzitik, aldundiaren kudeaketa errazteko mekanismo bat bihurtzen da", eta are gehiago zailtzen ditu tramitazioa eta kudeaketa administratiboa.