Eusko Jaurlaritzako Industriako Lurralde Ordezkaritzak atzera bota du Solaria Zierbena Solar 3 instalazio fotovoltaikoaren proiektua, Solaria Eguzki Sorkuntza, S.L.k Arabako Zigoitia eta Zuia udalerrietan sustatutakoa. Ebazpena 2026ko apirilaren 23koa da, eta aurretiazko administrazio baimena ezestea eta espedientea behin betiko artxibatzea dakar.
Erabakiaren arrazoi nagusia sare elektrikorako sarbide eta konexio baimenaren iraungipena da, Red Eléctrica de Españak 2026ko urtarrilaren 27an deklaratu zuena. Iraungitze hori gertatu zen ez zelako garaiz lortu aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenik, ezinbesteko baldintza baitzen 31 hilabeteko legezko epearen barruan.
Zierbena 3 proiektuaren bidez, eguzki parke fotovoltaiko handi bat ezarri nahi zuen Solariak Gopegi, Larrinoa, Acosta, Zestafe eta Eribe artean; 103.432 eguzki panel jarriko ziren, guztira 49,89 megawatteko (MWp) potentziarekin. Era berean, Gopegi izeneko azpiestazio bat eraikitzea aurreikusten zen Ondategin, 30/220 kV-koa, eta energia ebakuatzeko linea bat, 220 kV-koa, Aiararaino.