Aramaioko Udalak 250.000 euro gal litzake joan den larunbatean herrian kale bandalismori lotuta egon bide den ekintza baten ondoren. Udalak berak ezagutzera eman duenez, eskolaren atzealdean paratzen ari diren biomasa galdara baten obretan diharduen hondeamakinaren erregai deposituan harea bota dute ezezagunek, eta instalazioko kableak moztu dituzte ere.
Udalak dio 500.000 euro inguruko obra hori 250.000 euroko diru laguntza bati lotuta dagoela, eta hondeamakinari egindako erasoak lanak luzatu ditzakeela, laguntza galtzeko arriskuarekin. "Ekainaren bukaerarako galdara martxan ez badago, diru laguntza galduko litzateke", ohartarazi du udalak. "Kalteen ondorioz, baliteke diru laguntza hori galtzea, eta udalak diru kopuru osoa jarri beharra izatea", argudiatu dute.
Egiletzari dagokionez, udalak ustezko egileak seinalatu ditu. "Susmo irmoa dugu kalte hauen egileak adin txikiko gaztetxoak direla", dio udalaren oharrak. Herrian beste hainbat kalte egon direla erantsi du. Horren aurrean, udalak ustezko delitugile horien gurasoei dei egin die "etxean gaiaz hitz egiteko eta egoerak eskatzen duen hausnarketa egiteko".