URA Uraren Euskal Agentziak 1,2 milioi euro inguru bideratuko ditu Legutioko herrigunean zein Zabalaingo penintsulan hainbat hobekuntza egiteko.
Jaurlaritzak ohar batean ezagutzera eman duenez, esku hartze honen bitartez euri asko dagoenean dagoen arazo bati irtenbidea eman nahi diote. Azaldu dutenez, udalerriko hondakin urak Goianen dagoen araztegi batera joaten dira kolektoreen bitartez, eta hori ondo omen dabil baldintza normaletan. Alabaina, euri asko egiten duenean, hiriguneko saneamendu sareak ez du gaitasun adina ur bolumenari eusteko, eta etxeko ur zikinak zein euri urak nahastu egiten dira, zenbait tokitan gaineztatzeak sortuz. Horiekin batera, usain txarrak, uholde puntualak eta trafikoan zein etxebizitzetan arazoak sortzen dira, besteak beste.
Sei puntutan esku hartuko dute, araztegira iristen den ur bolumena arintzeko. URAk lanak egingo ditu, eta Legutioko Administrazio Batzarrak, berriz, beharrezkoak diren lursailak jarriko ditu eskura, eta, behin obrak bukatuta, bere esku egongo da inguruko zenbait azpiegitura kudeatzea. Momentuz, lau urterako da sinatu duten hitzarmena.