Peru Abarrategi garaile Aramaion, eta erabaki dira jada 28ko finalistak

Jon Hidalgo 2026ko martxoaren 16a

Peru Abarrategi, larunbatean Aramaioko saioan. Argazkia: Bertsozale elkartea

Gasteizko finalean arituko dira Maddi Agirre, Peru Abarrategi, Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Martin Abarrategi. Europa Jauregirako sarrerak salgai daude jada bertsosarrerak.eus webgunean.

Larunbat honetan jokatu da Arabako Bertsolari Txapelketarako bigarren eta azken finalaurrekoa, Aramaioko Kultur Etxean. Peru Abarrategik lortu du puntu gehien, eta zuzenean sailkatu da martxoaren 28an jokatuko den finalerako. Maddi Agirrek ere lortu zuen finalerako sarbide zuzena, lehen finalaurrekoa irabazita Dulantzin.

Horiez gain, sailkapen fasean lortutako puntuen arabera hautatuta, beste lau bertsolarik osatuko dute finaleko seikotea: Aroa Arrizubieta, Iñaki Viñaspre, Unai Anda eta Martin Abarrategi ere arituko dira Europa Jauregiko oholtza gainean, martxoaren 28an. Finalerako sarrerak salgai daude jada, eta aurtengoa bereziki jendetsua izango dela aurreratu dute Bertsozale elkartetik. Inoizko final gazteena ere izango da, bertsolarien batez besteko adinari erreparatuta.

Arabako txapelketaren XVII. edizioa da aurten, eta Aramaion izan du azken finalaurrekoa. Fase honetan hamalauna bertso puntuagarri kantatu dituzte bertsolariek, eta bakarkako lana ganbarakoa izan da. Ariketa guztiak egin ondoren, esan bezala, Peru Abarrategik lortu du puntu gehien, 377 puntu. Ondoren sailkatu dira Danel Herrarte 359,5 punturekin, Andere Arriolabengoa 349,5 punturekin, Xabi Igoa 347 punturekin, Martin Abarrategi 343 punturekin eta Sabin Abarrategi 333,5 punturekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago