Zuiako Udalak salatu du aldundiak bertan behera utzi duela HAPO berria

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 16a

Zarate, Jugo, Domaikia eta Aperregiko herriguneetan soilik dirau indarrean HAPOak. Argazkia: ALEA

Zuiako udalerriaren %90ari eragiten zioten arauak gelditu dira bertan behera. Udalaren ustez, Jaurlaritzak eta aldundiak aspaldi hartutako konpromisoak bete ez izanak ekarri du HAPO berria baliogabetzea.

Arabako Foru Aldundiak Zuiako Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria indargabetu du, 71/2026 Foru Aginduaren bidez, otsailaren 6an onartutako erabakian. Neurriak haserrea eragin du Zuiako Udalean, eta herritarrak batzar ireki batera deitu ditu "egoeraren larritasuna dela eta".

Udalak azaldu duenez, bertan behera utzitako HAPO berriak udalerrirako jarduera estrategiko garrantzitsuak jasotzen zituen, besteak beste, hogeita hamar etxebizitza publiko baino gehiago eraikitzea, auzo elkarte eta kolektiboentzako gune berriak sortzea, erretiratuentzako zentro berria eraikitzea eta euskara ikasteko espazio berria martxan jartzea.

Hala ere, Arabako Foru Aldundiak planaren indargabetzea justifikatu du ur horniduran bermerik ez dagoelako. Arrazoi bera erabili zen 2007an aurreko hirigintza arauak bertan behera uzteko; azkenean, 2008an onartu ziren horiek, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak beharrezko azpiegitura egiteko konpromisoa hartu ondoren.

Zuiako Udalak gogorarazi du hemezortzi urte geroago bi administrazioek ez dutela konpromiso hura bete. Ondorioz, udalerria eta bertako bizilagunak berriro ere kaltetuta geratu direla salatu du, "erantzukizun eta kudeaketa faltaren ondorioz".

Indargabetzeak eragin zuzena izango du udalerriaren %90ean, hiri lurzoruari eta lurzoru urbanizagarriari buruzko zehaztapenak bertan behera geratu direlako. Arau berriak soilik mantendu dira Zarate, Jugo, Domaikia eta Aperregiko herriguneetan.

Egoera "larria" dela iritzita, Zuiako Udalak herritar guztiak deitu ditu datorren igandean, hilak 22, 12:30ean, udaletxean egingo den batzar informatibora, gertatutakoaren inguruko azalpenak emateko eta aurrerapausoak elkarrekin aztertzeko.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago