Bengolarrako obraren atzerapena salatu du EH Bilduk

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko otsailaren 4a

Bengolarrako obraren atzerapena salatu du EH Bilduk. Argazkia: AFA

Hilaren 15ean lau urte beteko dira eraikina birgaitzeko obrak hasteko kontratua sinatu zenetik. Atzerapenek diru laguntza arriskuan jar dezaketela ohartarazi du EH Bilduk.

Zigoitiko EH Bildu udal taldeak berriro ere salatu ditu Bengolarrako obretan izaten ari diren "amaigabeko atzerapenak", eta azpimarratu du kontratua sinatu zenetik lau urte betetzen direnean ez dagoela obrak amaitzeko datarik.

Atzerapen horren ondorioz, udala PIREP diru laguntza jasotzeko ezarritako azken datara iristeko arriskuan dagoela ohartarazi du EH Bilduk; diru laguntza horren zenbatekoa 1.043.577,19 eurokoa da.

EH Bilduren arabera, gobernu taldea bi aukeren aurrean dago: Enpresari falta diren amaierako lanak egitera behartzea —50.000 euro inguruko kostua dute— edo, enpresak hori onartzen ez badu, kontratuaren zati hori berriro lizitatzera ateratzea; horrek obra are gehiago atzeratuko luke eta PIREP diru laguntza galtzea ekarriko luke, EH Bilduk ziurtatu duenez.

Lan zama langileentzat

EH Bilduk salatu nahi  du atzerapenek udalarentzat eta udalerriarentzat zama bilakatu direla. "Bengolarrako eraikina herritarren eskura ez egoteaz gain, izapide hauek sortzen duten lan karga eta burokraziak udaleko langileen lana blokeatzera ere eramaten ari dira", esan dute. "Tamalez, obra hau benetako putzu beltza bilakatu da; lau urteko bizitza kultural eta soziala galdu dira Zigoitian, eta ez da neurri eraginkorrik hartu egoera hori arintzeko obrak iraun duen bitartean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago