A-2620 eta A-623 errepideak lotzen dituen Legutioko saihesbide berriaren obrak amaitu ondoren, gaur aurkeztu du Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak. Aramaiotik Legutioko erdialdea zeharkatu beharrik ez izateko saihesbidea eraikitzeko 5,6 milioi euroko inbertsioa egin du aldundiak.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak obra amaierako bisita egin du gaur goizean, Marian Gutierrez Bide Azpiegituren zuzendariarekin eta Nerea Bengoa Legutioko alkatearekin batera. Nogalesek nabarmendu du saihesbide berriak Legution bizi diren arabarren bizi kalitatea hobetzen duela, "obra horri esker hirigunetik kanpo atera baita Aramaion jatorri eta helmuga duten ibilgailuen zirkulazioa, dozenaka kamioiena barne, orain arte egunero herriaren erdialdea zeharkatzen baitzuten. Eta trafiko gutxiago izateak zarata eta eragozpen gutxiago izatea esan nahi du, eta lasaitasun eta segurtasun handiagoa izatea Arabako gune horretan bizi direnentzat".
Halaber, azaldu du obrari esker, hirigunea zeharkatzen duen A-2620 errepidearen zatiaren titulartasuna Legutioko Udalari lagako zaiola, "Karmen kalearen erdiko zatia oinezkoentzat bihurtzeko lanak egiteko", esan du.
Lotunea iparraldean
Kilometro bateko luzera duen saihesbide berriak zuzenean lotzen ditu A-2620 errepidea eta A-623 errepidea, Otxandioranzko irteeraren hasierako zatian, eta trafiko guztia N-240 errepiderantz bideratzen du, errepide horren eta A-623 errepidearen arteko bidegurutzearen bidez. Gainera, aldunditik azpimarratu dutenez, udalak eta Legutioko Administrazio Batzarrak egindako eskaerari erantzunez, lotunea egin da iparraldean, herritik igarotzen diren ibilgailu astunen kopurua gutxitzeko.
Legutioko saihesbidearen iparraldeko lotura osatzeko, zuzeneko adar bat gehitu da saihesbidetik Legutiorantz, eta noranzkoa aldatu da A-623tik Legutiorako eta Legutiotik A-623rako mugimenduak egin ahal izateko.