Goizetik gauera rocka larunbatean Izarran, UrkaRocken

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 26a

Colapso taldea izango da parte hartuko dutenetako bat. Argazkia: Colapso

Kontzertuak, tailerrak, bertso saioak, antzerkia, txikientzako postuak... hamabost orduz jarraian ikuskizunak izango dira Urkabustaizen. Jaialdiaren abestia ere argitaratu dute, bideoan.

Urkarock jaialdi autogestionatua 2017an ospatu zen azken aldiz, eta aurten berreskuratu dute berriz ere. Larunbatean, 11:30etik aurrera atsedenik gabe arituko dira musika talde eta bestelako ikuskizunak giroa alaitzen. Hogei urte dira 2005ean lehen aldiz egin zenetik, baina ez da amaitu Urkabustaizko Rock jaialdiaren historia.

Hogei talde eta DJ baino gehiago arituko dira oholtza gainean, 15 orduz jarraian. Musikaz gain, tailerrak, antzerkia, bertsoak, guitar hero lehiaketa, azoka, tatuajeak, hitzaldiak eta beste hainbat ekintza eskainiko dituzte. Bi gunetan banatuko da jaialdia. Frontoian publiko guztientzako jarduera paraleloak izango dira, Urkarock azoka barne. Eta plaza zaharrean karpa bat altxatuko dute, kontzertuak hartzeko. Grafitero eta tatuatzaileentzako espazioa eta barra ere izango dira plazan.

Doan izango da egitarau osoa, baina antolatzaileek azaldu dute laguntzeko aukera ere izango dela, kamisetak erosita, adibidez.

Kontzertuak egun osoan zehar

Goizeko egitaraua 11:30ean hasiko da, mikrokontzertuen lehen doinuekin: Chico Cassette, Lehia, Los Dar2, Dirdaia, Suma 0, Tsunamy Ready!, Niere, Katilu eta Koiu arituko dira oholtza gainean. 17:00etatik aurrera, berriz, Rass, Delitos Menores, Plakaje, Tzapajo, Lautada, Kruela, The Birra’s Terror eta Los del Humo. Guztira hemezortzi talde arabar inguru arituko dira formatu laburrean, bizpahiru abesti eskainiz bakoitzak.

Gau partean, 21:00etatik aurrera, formatu luzeagoko kontzertuak hasiko dira. Mozkor Alaiak taldearen eskutik lehena, eta ondoren, orduro talde berri batek joko du, hurrenkera honetan, Koltan, Astalapo, Colapso eta Mazedonia Kimika. Gaua amaitzeko DJ Txatxisen saioa izango da.

Gainera, hainbat taldek elkarlanean sortu eta interpretatu dute abesti berezi bat, Urkarocken omenez egina. 2025eko urrian grabatu zuten Gasteizen, JR Produccionesen, Javi Rodriguezen gidaritzapean.  

Hemen ikus daiteke kontzertuen egitarau osoa:

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago