Adimen desgaitasuna duten pertsonentzako zentro berri bat inauguratu dute gaur Arzubiagan, Arratzua-Ubarrundian. Zehazki, autismoaren espektroko nahasmendua eta laguntza premia handiak dituzten 18 urtetik gorako lagunentzako arreta integrala eskainiko du Lakondoa foru zentro berriak. Hala, eguneko zentroko eta egoitzako plazetako itxaron zerrendari amaiera emango diote Araban, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak nabarmendu duenez.
Erabiltzaileak, 19 eta 36 urte bitarteko gazteak, urritik aurrera sartzen ari dira zentroan, pixkanaka. Arreta eredua indibidualizatua eta integrala dute, autonomia pertsonala hobetzera eta familiei zaintzan laguntzera bideratua, eta horretarako, 20 profesionalek osatutako diziplina anitzeko talde soziosanitario bat dute. Lakondoaren eredua berritzailea dela nabarmendu dute, "profil anitzen bizikidetzaren eta arreta malguaren alde egiten baitu, errealitate desberdinei erantzuteko".
Instalazioei dagokienez, 1.000 metro koadro ditu, beheko solairuan eguneko zentroko jardueretarako espazioekin eta lehen solairuan banakako 12 gelaz osatutako egoitza gunearekin. Kanpoaldean, kirol eta aisialdi jardueretarako guneak ere badaude.
Lakondoa baino lehen, Zabalgana eguneko zentroa ireki zuten; eta datozen hilabeteetan, Laudioko baliabide berri bat gehituko da, Gonzalezek azaldu duenez. Gaur egun, Arabako desgaitasunaren arretarako sare publikoan 173 plaza daude eguneko zentroetan, 307 egoitzetan eta 410 zentro okupazionaletan.