Behin betiko atzera bota dute Itsaraz

Juanma Gallego 2025eko urriaren 29a

Hasierako egitasmoa aldatuta ere, ministerioak ingurumen "inpaktu kaltegarri nabarmenak" ikusi ditu. Argazkia: JUANMA GALLLEGO / ALEA

Gaur argitaratu dute Arabako Aldizkari Ofizialean Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren ebazpena, parke eolikoak ingurumen berme nahikorik ez duela argudiatuta.

Gipuzkoa eta Araba artean zortzi aerosorgailu jartzea helburu zuen Itsaraz proiektuak behin betiko ezetza jaso du, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Statkraft enpresa sustatzaileari administrazio baimena ukatu eta gero. Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratu da gaur ebazpena. 

Urtarrilean ministerioak ezezko ingurumen txostena aurkeztu zuen, bereziki hainbat hegaztitan izan lezakeen inpaktua aintzat hartuta. Horren aurrean, proiektu energetikoaren sustatzaileek hainbat aldaketa egin dituzte hasierako egitasmoan, baina horiek ez dute lortu azkenean behin betiko ezetza jasotzea.

Ebazpenaren oinarria ingurumen inpaktuaren ebaluazioa izan da, adierazpen honek ondorioztatzen duelako proiektuak "inpaktu kaltegarri nabarmenak" eragingo lituzkeela babestutako eta mehatxatutako fauna espezieetan, sustatzaileak proposatutako prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio neurriek berme nahikorik ematen ez dutelarik. Horrez gain, sarbide eta konexio baimenak apirilean iraungi ziren. Horiek aintzat izanda, enpresak berak abuztuan eskatu zion ministerioari espedientea artxibatzeko.

60,4 MWko potentzia instalatuko proiektuaren zati nagusia Araba probintzian zegoen; zehazki, Aramaion, non eoliko gehienak kokatu behar ziren, Eskoriatzan aerosorgailu bat aurreikusten bazen ere. Energia eramateko azpiegiturak, berriz, Aramaio, Arrasate (Gipuzkoa), Atxondo, Elorrio eta Abadiño (Bizkaia) udalerriak zeharkatu behar zituen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago