Bi tonako kanpaia lapurtu dute Oroko Santutegitik

Erredakzioa 2025eko urriaren 23a

Lapurreta astelehen gauean izan zela uste dute. Argazkia: ALEA

Kanpaia polea edo garabi batekin jaitsi zutela ondorioztatu dute, baina ez dago lapurretaren egileen edo tresnen inguruko informazio gehiago oraingoz.

Zuiako haranean kokatutako Oroko Andre Mariaren Santutegian gertatutako lapurreta ikertzen ari da Ertzaintza. Susmoa dute astelehenetik asteartera bitarteko gauean lapurtu zutela santutegiak zituen bi kanpaien artean handiena, bi tona ingurukoa.

Lapurreta asteartean salatu zuen santutegiaren batzorde erretoreko presidenteak. Azaldu duenez, lapurrek sarraila hautsi zuten kanpandorrera sartzeko, eta kanpaia askatu zuten, baina ez zuten goitik bota, inguruan ez baitago horren aztarnarik. Ondorioztatu dute lapurrek polea edo garabi moduko tresnaren bat erabili zutela kanpaia jaisteko.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta oraingoz ez dago lapurrek erabilitako tresnei edo ibilgailuei buruzko informazio zehatzik. Gasteizko Elizbarrutiko iturriek adierazi dute Oroko Santutegia ez dela elizbarrutiaren jabetzakoa, eta ez dutela gertatutakoaren inguruko informazio zuzenik. Hala ere, baieztatu dute lapurretak izan direla azken hilabeteetan inguruko beste eliza batzuetan ere. Lapurtutako kanpaia berreskuratzeko eta egileak identifikatzeko lanetan jarraitzen du Ertzaintzak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago