Bi urtez hutsik egon ondoren, Zigoitiko Udalak osasun zentroaren gaineko pisua berriro alokairuan jarriko du. EH Bilduren arabera, "onartezina da prozesua hainbeste luzatu izana, udalerriko etxebizitza egoera ikusita".
Udalak etxebizitza hiru logelatan banatzea erabaki du, okupazio tasa handiena lortzeko. Errentariek logela propioa izango dute eta gainerako espazioak partekatuko dituzte. Horretarako, alokairu dotazionalaren bidezko ordenantza eta zozketarako oinarriak onartu dira.
Eztabaida piztu du EAJk oinarrietan jasotako neurri batek: etxean biziko direnek ezin izango dute leiho edo balkoietan pankarta edo ikurrik jarri. EH Bilduk neurri hori adierazpen askatasunaren aurkakoa dela salatu du, baina prozesua gehiago ez luzatzeko onartu dute.