Mila alegazio aurkeztu ditu Zuia Bidean-ek Solaria 2, 3 eta 4 proiektuen aurka

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 1a

Alegazioak erregistratu dituzte ostegun honetan Zuiako udaletxean. Argazkia: ZUIA BIDEAN

Hiru eguzki parkeen eta beren goi tentsioko lineen "mehatxu larria" salatu dute Zuiako bizilagunek.

Solaria 2, 3 eta 4 eguzki parkeen eta goi tentsioko lineen kontrako lehen mila alegazioak erregistratu ditu Zuia Bidean elkarteak Murgiako udal bulegoetan. Elkartea "erlojuaren aurka" lanean ari da azken asteetan salaketa hauek biltzeko, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Solariaren proiektuaren administrazio prozesua luzatzeari uko egin ostean.

Zuia Bidean-ek azaldu duenez, Jaurlaritzak ez zuen proiektua jendaurrean jarri ekainaren 17ra arte, oporraldiaren hasieran bertan; eta horrela herritarren parte hartzea ekidin nahi izan duela uste dute.

Ostegun honetan Zuiako bizilagunek aurkeztu dituzten alegazioetan salatzen dute Solariaren proiektuak ingurune naturalarentzat, gizarte ongizaterentzat eta tokiko ekonomiarentzat dakarren "mehatxu larria", aurreikusitako hiru eguzki parkeek "inguruko nekazaritza arriskuan jarriko bailukete, eta, ondorioz, gure elikadura subiranotasuna arriskuan jarriko bailukete".

Horregatik, alegazioetan Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailari eskatzen diote proiektu hauek berehala geldiaraztea eta "benetan iraunkorra den energia trantsizio bat bermatzeko, pertsonak, lurraldea eta etorkizun partekatua errespetatzen dituena".

"Metaketa espekulatiboa"

Eguzki parkeek izanen duten eraginarekin batera, alegazioetan ere jaso dute Arabako eta Bizkaiko 15 udalerri zeharkatuko lituzketen 100 kilometro baino gehiagoko goi tentsioko lineek izan dezaketen "eragin kritikoa", bai osasunean, zein paisaian, ondare kultural eta naturalean eta tokiko bizi kalitatean.

Zuia Bidean-ek azpimarratu duenez, ebakuazio azpiegitura gisa aurkeztu arren, linea hauek ez dituzte betetzen sektore elektrikoko legean ezarritako printzipioak. Solariak baimenak eskatu ditu Zierbenatik 1.400 MW potentzia ebakuatzeko, gaur egun martxan dauden zentralek 150 MW baino ez dituztenean. "Neurrigabeko apustu horrek metaketa espekulatiboko estrategia bat erakusten du, eta horrek ateak irekitzen dizkio proiektu berrien elur jausi bati".

Are gehiago, Solariaren proiektuak klima larrialdi eta biodibertsitate galera testuinguru batean aurkeztea salatu du elkarteak, eta industrializatu ez diren eremuak babestea ezinbestekoa dela gogoratu du.

Halaber, lurzoruaren erabilera desberdinak bateratzea ahalbidetuko duen eta energiaren, naturaren eta landa bizitzaren arteko oreka bermatuko duen "energia trantsizio justu eta demokratiko bat" galdegin du Zuia Bidean-ek alegazioetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago