Uribarriko urtegiak urperatutako bizitzak omendu dituzte

Erredakzioa 2025eko uztailaren 29a

Urtegiko begiratokian egin dute omenaldia, eta oroigarria jarri dute. Argazkia: AFA

Desagertutako herrietako bizilagunek eta haien ondorengoek parte hartu dute omenaldian. "Ez ditugu inoiz ahaztuko urak hartu zituen bizitzak, ezta urtegiaren sakonean datzan historia ere".

Arabako Foru Aldundiak omenaldia egin die Uribarri Ganboako urtegia eraikitzean urpean gelditu ziren herriei eta bertako biztanleei. Urtegiko begiratokian egin dute ekitaldia astelehen honetan, eta bertan izan dira, aldundiko ordezkariez gain, zonaldeko familiak, memoria historikoa lantzen dabiltzan herritarrak eta inguruko udalerrietako eta administrazio batzarretako ordezkariak.

"Urtegi hau eraikitzea mugarri bat izan zen euskal ingeniaritzan, baina Zadorra ibaiak zeharkatzen duen eta nortasun propioa duen haran bat hondatzea ere ekarri zuen". Hala adierazi du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, eta gogoan izan du nolako eragina izan zuen urtegiaren eraikuntzak, 1947 eta 1957 urteen artean. Hausnarketarako deia egin du, gure lurraldean "garai zailetan hartutako erabakiek utzi duten aztarna ezabaezinari buruz".

"Ez ditugu inoiz ahaztuko urak hartu zituen bizitzak, ezta urtegiaren sakonean datzan historia ere". 600 pertsona baino gehiagok utzi behar izan zituzten beren etxeak eta beren bizimodua, urtegia eraikitzean. 57ko maiatzaren 10ean desegin zen ofizialki Ganboako udalerria. Mendizabal eta Oreningo herriak urpean gelditu ziren, eta Garaio eta Zuhatzu Ganboak aldaketa handiak jasan zituzten.

Ekitaldian parte hartu dute desagertutako herri horietako bizilagunek edota haien ondorengoek. "Pertsona horiekiko dugun betebeharra da ez ahaztea behartuta egin behar izan zuten sakrifizioa, Bilbo Handiko eta Gasteizko hiriguneetan gure ongizaterako nahikoa ur izan dezagun", adierazi du Gonzalezek. "Memoriaren totem" deitu dioten oroigarri bat jarri dute begiratokian, "aitortzaren ikur iraunkor gisa". Urtegia egiteko lanetan hildako langileak ere omendu dituzte.

EH Bilduk kritika egin dio aldundiari, esanez ekitaldia antolatzeko espedientea betetzera soilik mugatu dela, eta berandu egin izana leporatu dio. Izan ere, sei urte baino gehiago igaro dira Batzar Nagusietan aho batez erabaki zenetik omenaldi hau egitea. Gainera, udalen eta herritarren parte hartzea sustatu ez izana egotzi diote aldundiari.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago