Solariak sustatutako Zierbena Solar 2, 3 eta 4 proiektu fotovoltaikoaren moldaketa argitaratu du ekainaren 16an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA). Araba eta Bizkaia zeharkatuko dituen goi tentsioko linea aldatu du Solariak Arabako Foru Aldundiaren hiru txostenek proiektua atzera bota ondoren. Linea luzeagoa planteatzen dute orain eta zati bat lurperatuta joango litzateke.
Zigoitia Bai eta Zuia Bidean elkarteek Solariaren "azken maniobra" salatu dute, eta aurre egingo diotela esan dute. "Enpresa honek bere jarrera mafiosoari ekitea erabakitzen duen guztietan aurre egingo diogu. Solaria non grata da", azpimarratu dute zigoitiarrek. Zuia Bidean taldeak, berriz, Solariaren "jarrera lotsagabea" salatu du, eta "jazarpen administratiboaren adibide argia" dela gaineratu du. "Nekatu, saturatu eta amore emanarazteko estrategia da, trantsizio energetiko ekosozialki bidezko baten alde gaudenon kontra".
Gorbeialdeko elkarteek deitoratu dute, gainera, aurreko proiektuaren aurkako alegazioak oraindik erantzun gabe daudela.