Gorbeiako Parke Naturalak aipamen berezia jaso du National Geographic 2025 Bidaia Irakurleen Sarietan, Helmuga Natural Onenaren kategorian. Gorbeialdeko Kuadrillak iragarri duenez, "bozketa garaian izandako herritarren babes zabalari esker" lortu dute aintzatespena.
Sari banaketa maiatzaren 8an egin dute Madrilen, eta bertan izan dira Agustin Otsoa Eribeko kuadrillako presidentea eta Olatz Urkiza Gorbeialde Landa Garapeneko Elkarteko presidentea —Bizkaiko aldearen izenean—. Bi erakundeek parkearen kudeaketa eta sustapena bideratzen dute, "iraunkortasuna eta lankidetza" oinarri hartuta.
"Aipamen hau ez da soilik Gorbeiaren garaipena, baizik eta egunero zaintzen eta bizitzen duten pertsona guztiena. Hunkigarria da ikustea hainbeste lagunek gure parkea helmuga natural onenen artean kokatzea nahi izana", adierazi dute helmuga turistikoaren ordezkariek.
Antolatzaileek botoa eman duten guztiei eskerrak eman dizkiete: "Hunkitu egiten gaitu jakiteak hainbeste jendek nahi izan duela Gorbeiako Parke Naturala helmuga natural onenen artean egotea, eta bere esentziak hain lotura berezia pizten jarraitzea ezagutzen dutenengan".