Dozenaka lagun elkartu dira igandean, Legutioko herriko plazan, Andoni Mendinueta, Jon Muxika eta Erlantz Ortiz de Barron herrikideei elkartasuna adierazi, eta bizi izan duten "egoera bidegabea" salatzeko. 2021eko martxoaren 19an ertzainak "herritarrak mehatxatuz eta modu oldarkorrean" agertu zirela gogoratu dute, eta auziak izan duen bilakaera "sinestezina" nabarmendu. 12.000 euroko isuna jaso dute hiru lagunek "desordena publikoa, autoritatearen aurkako atentatua eta desobedientzia" leporatuta.
"Honen aurrean ezin gara isilik eta eskuak gurutzaturik geratu. Gure herrikideak errugabeak direla argi eta garbi dakigu", salatu dute kultur etxe aurrean irakurritako mezuan. "Polizia eredu autoritario eta korporatibo honekin nazkatuta gaude. Herritarren beharretara egongo den Polizia bat behar dugu". Era berean, honetan epaitegiek eta agintariek duten ardura ere nabarmendu nahi izan dute. "Begiak ixten dituzte, eta egiten uzten dute. Ertzaintza nork kontrolatzen du?". Beste zenbait gertakari ere izan dituzte gogoan; Donostiako Amaia Zabarte eta Tolosako Xuhar Pazosen gertakariak, besteak beste.
Hurrengo egunetan zenbait ekimen martxan jarriko dituztela aipatu dute, herrikideak ekonomikoki lagundu ahal izateko, isuna eta gastu judizialak ordaintzen laguntzeko. "Elkartasunez eta elkar zaintzaz jarraituko dugu herria egiten".