Etorkizunera mezua bidaliko dute zuiarrek

Erredakzioa 2025ko api. 11a, 11:55

Makroproiektuen kontrako mendi martxa. Argazkia: ZUIABIDEAN

Zuia Bidean plataformak kapsula bat lurperatuko du, makroproiektu energetikoen aurka.

Denbora kapsula, orainaldiko mezuak eta gailuak gorde eta etorkizuneko belaunaldiek topatzeko izan daitezen helburu duten edukiontzi hermetikoak dira. Zuian, herritarrek denboraren kapsula bat lurperatuko dute larunbat honetan, makroproiektu energetikoen aurka. Hitzordua Murgiako Jesusa Etxea parkean da, 13:00etan.

Kapsula zigilatu eta lurperatu egingo dute, eta horren gainean arrosa bat landatu. Txalaparta, dantzak, bertsoak, Mati Iturralderen hitzaldia eta zuzeneko musika ere izango dira. Parte hartzera gonbidatuta daude administrazio batzar guztiak, Zuiako kolektiboak, Gorbeialdea Defendatu elkarteko kideak, udala eta udalerriko elkarte guztiak.

Zuia Bidean plataformak antolatu du ekitaldia, Gorbeialdeko herritarrek beren mezuak, nahiak eta kezkak etorkizunerako utzi ahal izateko, "orainari buruz hausnartzeko, etorkizuna irudikatzeko eta gure ahotsa testigantza gisa zigilatzeko", adierazi du plataformak. "Etorkizunari  esango diogu borroka egiten dugula, amets egiten dugula eta ez dugula amore eman". Ekimena Solariak udalerriari eragiten dioten proiektuak aurkeztu zituenetik urtebete beteko denean antolatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago