"Ez dugu legealdia amaitzeko indarrik"

Erredakzioa 2025ko mar. 19a, 13:40

Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimisioa aurkeztu dute. Argazkia: ALEA

Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko hiru zinegotziek dimitu egin dute. "Frustrazioa" argudiatu dute, makroproiektuen aurrean udalek "eskuak lotuta" dituztelako.

Txetxu Zengotitabengoa, Laura Sancho eta Javier Ruiz de Arkaute EH Bilduko zinegotziek gaur bertan aurkeztuko dute dimisioa Arratzua-Ubarrundiako udaletxean, eta zerrendako hurrengo hiru lagunek hartuko dute kargua. Hala baieztatu dio EH Bilduk ALEAri. Halere, "Arratzua-Ubarrundiaren alde borrokatzen jarraitzeko" konpromisoa berretsi dute zinegotziek, "eta gure aletxoa emateko konpromisoa hartzen dugu".

Udalerrian banatu duten idazkian azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak sustatzen dituen makroproiektu energetikoen aurrean udalek "eskuak lotuta" izateak eragin duen "frustrazioak" ekarri du hiruen dimisioa. "Ez dugu legealdia amaitzeko indarrik. Horregatik, zinegotzi gisa gure akta uzteko unea dela uste dugu. Uste dugu dimisio honek ohartarazi behar duela gauzak ezin direla horrela egin. Erakundeek elkarrekin lan egin behar dute, proiekturik inposatu gabe. Eta prozesu hori bizilagunei ere entzunda egin behar da, kontrol publikoarekin, baina modu parte hartzailean, energiaren benetako demokratizaziorantz aurrera egin ahal izateko", esan dute.

Udalerriko lurrak okupatuko dituen Vitoria Solar 1 proiektu fotovoltaikoaren harira, zinegotziek uste dute udalak proiektua geldiarazteko "ekarpen gutxi" egin dezakeela, Eusko Jaurlaritza bezalako erakundeak hori hauspotzen ari diren bitartean, eta proiektu horretan Jaurlaritza "parte eta epaile" delako. Gainera, gogoratu dute Solariaren proiektuaz gainera, beste hamaika daudela inguruan. "Guztira, energia berriztagarrien 15 proiektu ditugu erregistratuta gure udalerrian", esan dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago