Toki erakundeen finantziazioa handitzeko eskatu du Urkabustaizko Udalak

Erredakzioa 2025ko ots. 27a, 15:47

Gero eta zerbitzu gehiago kudeatu behar dituzte herriek. Argazkia: ALEA

Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Araua (FOFEL) eguneratzeko eskatu dio aldundiari, eta sei hilabeteko epean foru araua aldatzeko proposamena aurkezteko.

Urkabustaizko Udalak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio herrialdeko toki erakundeen egungo finantziazio eredua eguneratzeko, eta urteko ekarpena handitzeko. Asteazken honetan, osoko bilkuran, onartu dute horren inguruko mozioa. FOFEL funtsak dituen baliabideen ehunekoa handitzea eskatu dute,  kontzejuen, udalen eta kuadrillen beharrezko finantzaketa "ahalik eta bidezkoena eta justuena izango dela bermatzeko; modu horretan gure gizarteak egun dituen erronka handiei erantzun ahal izateko".

Udalak azaldu duenez, azken hamarkadetan, hainbat legeren ondorioz, udalek, kuadrillek eta kontzejuek bere gain hartu behar izan dituzte gizarte premia berriei erantzuteko zerbitzuak eta eskumenak. "Toki erakundeen finantziazioaren foru arauak, ordea, 27 urte baino gehiago daramatza eguneratu gabe". Horregatik, Urkabustaizen ustez, FOFEL aldatzeko unea iritsi da; eta, horretarako, Arabako Foru Aldundiari eskatu dio sei hilabeteko epean aurkez dezala foru araua aldatzeko proposamena. Horrez gain, eguneratze prozesu horretan toki erakundeak kontuan hartzea eskatu du udalak.

Era berean, "Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde maila desberdinen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorra" EUDELen dokumentuan ezarritako gomendioak betetzeko eskatu du; eta EUDELi berari eskatu dio udalen interesak defendatzeko dokumentu hori berrikusteko hiru hilabeteko epean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago