National Geographic Bidaiak aldizkari ezagunaren irakurleen sarien hirugarren ediziorako finalista izendatu dute Gorbeiako parke naturala, Espainiako Helmuga Natural Onenaren kategorian. Bozketa hilaren 21ra arte zabalik egongo da.
Besteak beste Val d'Aran, Teideko parke nazionala, Guadarrama mendilerroko parke nazionala eta Tajo garaiko parke naturalarekin lehiatu beharko da Gorbeia, parkeak berak ohar batean ezagutzera eman duenez.
Gorbeia "bere aberastasun natural, paisajistiko eta kultural paregabeagatik nabarmentzen" dela diote hautagaitzaren aldeko sustatzaileek. Besteak beste, pagadiak, hariztiak, belardiak eta formazio karstikoak biltzen dituela ekarri dute gogora, eta, argudio gisa, Gorbeia mendiko gurutzea ere aipatu dute.
Botoa emateko prozedura parkearen orrialdean bertan azaldu dute.