Aramaio eta Eskoriatza artean eraikitzeko asmoa zuten Itsaraz proiektuari ezezkoa eman dio gaur Espainiako Trantsizio Energetikorako Ministerioak, ingurumen inpaktuko kontrako ebazpena eginez. Instituzioaren arabera, parke eolikoak "inpaktu negatibo esanguratsuak" eragin ditzake babestutako hegazti faunan eta Natura 2000 Sarean. Besteak beste, sai zuria (Neophron percnopterus) eta sai arrea (Gyps fulvus) aipatu dituzte. Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute txostena.
Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuaren aurkako txostenak igorri ditu, eremu babestuei kalteak eragingo dizkielakoan. Arabako Foru Aldundiak, ordea, ez du aurkako txostena eman, baina konpentsazio neurriak beharrezkoak direla onartu du.
Statkraft enpresak sustatutako parke eolikoak zortzi haize errota izango lituzke Araban eta Gipuzkoan, eta argindarra Abadiñoko azpiestaziora garraiatzeko linea bat eraikitzea aurreikusten zuen. Haize errota bakoitzak 201 metroko altuera izango luke, eta parkea 782 hektareako azalera hartuko luke.