Zinegotzi eta alkateen aurkako mezu anonimoak azaldu dira Aramaion

Erredakzioa 2025ko urt. 15a, 10:22

"Iraindu dezakeen mezu anonimoren bat agertuko balitz", hori kenduko dutela aurreratu dute. Argazkia: ARAMAIOKO UDALA

Udalak idatzi "gogor" horiek salatu ditu, eta "gertakizunen irakurketa partzial bat" egiten dutela dio.

Aramaioko kaleetan eta udalak kartelak eta informazioa partekatzeko atondutako espazioetan idatzi anonimoak agertu direla salatu du Aramaioko Udalak. "Idatzi horietan herritar anonimo batek edo batzuek, ezin dugu jakin, hainbat idatzi kaleratu ditu edo dituzte udalbatza osatzen dugun gaur egungo eta aurreko legegintzaldietako zinegotzi eta alkateen izen abizenak azpimarratuz", argitu du udalak. 

"Egungo eta azken urteetako udal gobernuek" sinatutako ohar batean, udalak dio ez dela "bidezkoa horrelako salaketa gogorrak adieraztea gertakizunen irakurketa partzial batetik" eta izen abizenez udalean lanean ari diren herritarrak seinalatuz, idatzi duenaren edo dutenen aldetik "ezinegona egonda ere"

Kaleratutako oharrean, udalak ez du zehaztu idatzi horien edukia zein den, baina azpimarratu du ez dutela "ezkutatzeko ezer". Are, eguneroko lanean egin ditzaketen "akatsak onartuz, kontzientzia lasai" daukatela diote. Edozein gaiaren bueltan "hitz egiteko" prest azaldu dira. Hemendik aurrera inor "iraindu dezakeen mezu anonimoren bat agertuko balitz", hori kenduko dutela aurreratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago