Solariak Dura inguruetan jarri nahi duen Vitoria Solar 1 izeneko instalazio fotovoltaikoa gelditzeko eskatu du Arratzua-Ubarrundiko Proiektu Honi Ez plataformak, joan den larunbatean egindako martxa batean. Besteak beste, instalazio fotovoltaikoa inguruko herrietako biztanleentzat "atzera bueltarik gabeko ondorioak izango dituen mehatxua" dela, eta Durarentzako "eraso" bat.
Besteak beste, Iturreingo aztarnategia babesteko eskatu du plataformak, ustezko zona arkeologikoa delako. Plataformaren arabera, eguzki instalazioa jartzeak ondare interesa duen eremu hau "suntsituko" luke. Aztarnategia babesteaz gain, indusketak zabaltzeko eskatu dute plataformako kideek, argitu ahal izateko gertu dauden Sansoheta eta Dopako aztarnategiekin harremanik ote dagoen.
Durako mendebaldean kokatuta dagoen Erdi Aroko eta Garai Modernoko herria da Iturrein, eta horri erreferentzia egiten dion lehen agiria 1257. urtekoa da. Martxaren antolatzaileen esanetan, bertan "giza jarduera garrantzitsua egon zen", XV. mendearen bueltan hustu zen arte. Ondoren, Dura, Mendibil eta Arzubiaga herriek sortutako Anaidiak esplotatu zituen bertako lurrak. 1509an Valladolideko Errege Kantzelaritzan jasota dago aferaren inguruan zabaldutako auzi bat. Aztarnategiari buruz egin den arkeologia txostenaren arabera, askotariko aztarnak daude bertan, eta oso eremu zabalean zehar barreiatuta daude. Historiaurrekoak izan litezke horietako batzuk, bai eta Iter XXXIV erromatar galtzadarenak zein geroagoko garaietakoak.
Besteak beste, Proiektu Honi Ez plataformak argudiatu du bertako malda %5 baino gehiagokoa dela, eta Europako Batasunaren eta Jaurlaritzaren beraren irizpideen arabera portzentaje hori baino gutxiago duten lurretan ezarri behar direla fotovoltaikoak, "paisaia inpaktua" gutxitu aldera. Modu berean, irizpide horien arabera, instalazioak nekazaritza produktibitate txikiko lurretan jarri behar dira, eta, plataformaren arabera, hori ez da Duraren kasua.