Uztailaren 18, 19 eta 20an. Egun horietan ospatuko dute Harrikada festibala, berriz ere, Izarran. Harrika kolektiboaren eskutik, techno musika oinarri, eta queer zein identitate disidenteen defentsa ardatz, hiru egunetako egutegi oparoa eskaini zuten aurtengo edizioan, eta hurrengo urtera begira ere formatu berari eutsiko diote.
Festibalaren ostean balorazio oso positiboa egin zuen kolektiboak, eta geroztik hausnarketa eta barne eztabaida prozesu batean murgilduta ibili direla azaldu dute, zer eskaini nahi duten eta ze formatutan, "dagoen eszenari nolako ekarpena egin eta batez ere zein nolako ikuspuntutik". Prozesu horren ondorio guztiak oraindik plazaratu ez dituen arren, Harrika kolektiboak argi du bertako publikoarentzako ekitaldia antolatu nahi duela, "aniztasunaren aldekoa, lokala eta ahalik eta jasangarriena hitzaren esanahirik zabalenean". Musika gozatzeaz eta ongi pasatzeaz harago, gozatzea ere politikoa dela azpimarratu dute antolakuntzatik eta norabide horretan, hurrengo ediziora begira festibalak duen egitura sozial eta politikoan sakondu nahi dute.
Oraindik goiz da 2025eko Harrikadan arituko diren artisten izenak jakiteko, aurtengo edizioa berezia izango dela azpimarratu dute antolakuntzatik. Sareetan emango dute horren berri hurrengo asteetan.