Urkabustaizko Udalak 2025eko aurrekontuak onartu ditu iragan astean. Inoizko aurrekonturik handienak dira, bi milioi eurotik gorakoak. Hala, datorren urterako 778.023,80 eurotan aurreikusita dauden FOFELen diru sarrerak baieztatu ondoren, Urkabustaizen 2025. urteari aurre egiteko duen zenbatekoa 2.187.812,74 eurokoa da.
Udaletik adierazi dutenez, aurrekontuaren igoera hori, beste arrazoi batzuen artean, Lanbidek enplegua sustatzeko programetan emandako 300.000 euroko diru laguntzen ondorio da. Programa horiei esker, 16 kontratazio egin ahal izango dira gutxienez, horietako 5 urtebeterako eta gainerakoak 6 hilabeterako, hainbat kategoriatan.
Udaletxea eraberritzea
Obren atalean, udaletxea eraberritzeko lehen faseari ekingo zaio, eta, horretarako, Arabako Foru Aldundiaren 200.000 euro inguruko diru laguntza dago aurrekontuetan. Bestalde, Izarra Herri Eskolako galdaren ordez (propanozko bi eta gasoliozko bat) bioerregaia jarriko da. Ordezkapena datorren urtean egingo da, eta udalak 480.000 euro esleituta ditu horretarako. Era berean, udal pilotalekua eraisteko eta eraberritzeko aurreproiektua kontratatzeko partida bat onartu da.
Hazkunde nabarmena izan duten partiden artean, aurrekontu honetan 19.000 euroko igoera dago Eguneko Arretarako Landa Zentrorako; izan ere, gero eta gehiago dira zerbitzu horretara jotzen duten udalerriko pertsonak. Bestalde, eskola umeen zaintzarako partida bi aldiz handiagoa da, familia kontziliazioa errazteko aukera ematen baitu, eta emakumeak ere lan merkatuan edo jarraitzea errazten du familia arrazoiengatik lanbide ibilbidea eten behar izan gabe. Zerbitzu hau IGEak kudeatzen du.