Legutioko Garazi ikastola berritzeko obren ondorioz sortzen ari diren "kalteak" salatu dituzte hainbat gurasok sare sozialetan, eta "antolaketa eta aurreikuspenik gabe" egin izana arbuiatu dute. Ikasturte hasieratik ari dira ikastolan obrekin, eta ikasleek euren jarduna normaltasunez egiteko aukerarik ez dutela nabarmendu dute.
Beheko solairua, lehendabizikoa eta jolastokia ez daude erabilgarri, eta beraz, solairu, bakar batean eman behar dituzte eskolak. Horrekin batera, ikasle eta irakasleek "etengabeko zarata eta bibrazioak" nabaritzen dituztela esan dute, "horrek haurrentzako dakarren arriskuarekin". Gaur eta bihar, gainera, herriko plazan eta pilotalekuan ematen ari dira eskolak, ikastolan zenbait horma bota behar dituztelako.
Obra hauek 2025. urte amaiera arte luzatuko dira. "Eusko Jaurlaritzatik ez dute jakin egoera honi erantzun bat ematen, eta, zalantzarik gabe, oinarrizko hezkuntza eskubidea urratzen du honek", salatu du guraso talde batek bideo batean. "Ez da justua haurrak arrisku egoera honetan bi urtez egon behar izatea". Herrian bolo-bolo dabilen mezua Hezkuntza Sailera ere bideratuko dutela gogoratu dute.