Zuiako Udalak, joan den ostegunean, urriaren 11n, egindako osoko bilkuran, aho batez onartu zuen 2025. urterako udal zergak eta tasak izoztea, zaborraren kudeaketa tasa izan ezik, %11 igoko baita. Hala, EH Bilduko udal gobernuak aurkeztutako proposamena atera da aurrera,
Zabor tasaren igoerari dagokionez, udalak azaldu du Hondakinen 7/2022 Legeari lotuta dagoela. Lege horren arabera, 2025eko apirila da zerbitzua emateagatik eta hondakinak kudeatzeagatik gastu guztiak tasan ezartzeko epemuga. "Igoera horrek hamar euro baino zertxobait gehiago handituko du etxebizitza bakoitzaren urteko gastua, baina alde handia du EAEn ezartzen ari den %30 inguruko igoerarekin", azaldu du Zuiako Udalak. "Zuiako administrazioak azken urteetan egindako kudeaketaren eta eguneratze progresiboen ondorioz udalerrian igoera ez da hain handia izango".
Prezio publikoen alorrean, 2024. urteko prezioak mantenduko dira, baina bada berrikuntza bat: hurrengo ekitaldian Zuiako Udaleko mendi publikoetan dagoen parke mikologikoan perretxikoak biltzeko prezio publiko berri bat ezarri da.