Ane Albisu ikerlari eta diseinatzailearen eskutik, tradiziozko euskal jantziaren inguruko saioa izango da Legution larunbatean, hilaren 19an. Garazi ikastolako guraso elkarteak antolatuta, teoria eta praktika uztartuko dituzte janzkera tradizionalei buruzko ekimenean.
Lehen zati teorikoan baserritar jantziak izan duen bilakaeraz, esanahiaz eta garrantziaz arituko da ikerlari donostiarra. Ostean, zati praktikoan, hainbat jantzi modu egokian nola jantzi erakutsiko du. Gainera, joskintza tailerrerako taldeak antolatuko dituzte, nahi dutenek Legutioko Garazi ikastolako Euskal Jantzien bankuko lehen jantziak egiteko. "Tailerraren helburua euskal jantziak josteko oinarrizko teknikak ikastea da, elkarrekin ikastolako haurrentzat jantziak sortu ahal izateko", azaldu dute antolatzaileek. 10:00etatik 12:00etara izango da hitzaldia, eta ondoren tailerra.
Atondu, XXI. menderako proposamena izenburuko liburuaren egilea da Albisu. Tradiziozko euskal jantziei buruzko liburua da, eta janzte hutsetik harago, tradiziozko euskal jantziak prestatzeari edo atontzeari ematen zaio garrantzia lan horretan.