Urkabustaizko Udalak hamasei kontratazio berri egiteko asmoa du 2025ean, kontratazioa sustatzeko hainbat programari esker. Horietatik bederatzi peoi lanak egiteko izango dira, eta NextGeneration funtsek finantzatuko dituzte.
Udalak deialdi honetara jotzen duen bigarren aldia izango da. Izan ere, 2024an zortzi pertsona aritu dira bideak soiltzen eta egokitzen, eraikinak eta elementu apaingarriak mantentzen, eremu komunak garbitzen, inausten edo udal instalazioak konpontzen. Lan horiek guztiak administrazio batzarrekin koordinatu dira.
Kontratazio berriak datorren urteko martxotik irailera bitartean gauzatuko dira, lanaldiaren %75ean. Interesdunek Lanbideren bidez aurkeztu behar dute eskabidea. Gainera, talde horren ardura izango duen langileburua ere kontratatuko da.
Bestalde, 16 eta 30 urte bitarteko lau pertsona kontratatuko dituzte Gazte Enplegua programaren aterkipean urtebetez honako postuetarako: administrari laguntzaile bat, Ingurumeneko teknikari bat, Kulturako teknikari bat eta peoi orokor bat.
Azkenik, beste bi pertsona kontratatuko dira Lehen Esperientzia Profesionaleko programaren bidez. Kasu horretan, Administrazio Orokorreko teknikari eta Ingurumen eta Hirigintzako teknikari bana izango dira.
Xabier Alvarez de Arkaia Urkabustaizko alkateak "oso positibotzat" jo du kontratazio horien esperientzia, eta konpromisoa agertu du udalerrian kalitatezko enplegua sortzeko.