Barajuengo Torralde Dorrearen bila aurki egin behar dituzten arkeologia lanak errazteko, auzolanean aritu da Aramaioko herritar talde bat, ingurua garbitu eta txukunduz. Joan den irailaren 7an egin dute auzolana. Udalak iragarri duenez, aldundiaren laguntzarekin ikerketa arkeologikoa egingo dute bertan. Azterketa egingo duen Ondare Babesa arkeologia enpresako Aitziber Gonzalez aditua izan dute gidari, lanak behar bezala eta balizko arrastoak kaltetu gabe egiten direla bermatzeko.
Behin garbiketa eginda, hamaiketako batekin bukaera eman zioten goizari. Aramaioko Udalak drone bidezko irudi ikusgarrietan jaso zituen goizeko lan horiek, eta orain eman ditu argitara. "Bideoan ikusten den bezala, ingurua txukundu ostean Torraldeko Dorrearen oinplanoa ikusi daiteke berriro", azaldu du udalak, ohar batean. Udalak eskerrak eman dizkie auzolanean parte hartu zutenei, bai eta hamaiketakoa prestatu zutenei ere. "Ondare Babeseko ikerlarien ikerketaren emaitzak itxarotea besterik ez zaigu gelditzen", aurreratu dute.