Gorbeialdean Solaria enpresaren proiektu energetikoen kontrako pankartak etxeetan edo jabetza pribatuetan dituzten herritarrei horiek kentzeko agindu die aldundiak, errekerimenduen bidez. Urkabustaiz Babestuz, Zigoitia Bai eta Zuia Bidean elkarteek osatzen duten Gorbeialdea Defendatuz kolektiboak gaur ezagutzera eman duenez, ekainean aldundiak eskura zituen pankarta guztiak kendu zituen eskualdean, horiek jabetza pribatuetan jarrita zeuden arren, eta orain kendu ezin izan zituzten pankartak kentzeko eskatuz gutunak igorri dizkiete etxeetako jabeei.
Erakundearen ustez, Foru Errepide Zerbitzuaren eskaria "presio eta intimidazio" neurria da, bai eta herritarren oinarrizko eskubideen aurkako "bidegabekeria" ere. "Proiektu hauek dituzten ingurumen eta gizarte inpaktuak salatzen dituztenak isiltzeko modu bat da hau", salatu du kolektiboak.
Errepideen inguruan publizitatea debekatzeko 20/1990 foru aginduaz baliatu da diputazioa pankarta horiek kentzeko egin dituen eskaeretan. Gorbeialdea Defendatuzen ustez, ordea, ez dago arau horri heltzerik, pankarta horiek ez direlako iragarki komertzialak, "hiritarren protestaren adierazpen zilegia baizik".
"Makroproiektu energetikoak sustatzen dituzten enpresa handien interesen aldeko babesaren mesederako egiten den apustu argia erakusten dute ekintza errepresibo hauek", argudiatu du Gorbeialdeko kolektiboak. "Kasu honetan, Solariarenak". Hori dela eta, adierazi dute ez dela "onargarria" Gorbeialdeko biztanleen "kezka eta beharrak artatu beharrean" diputazioak "intimidazioei eta zigorrei jo izana ahots kritikoak isilarazteko".
Horregatik guztiagatik, eskatu diote aldundiari "mehatxu" hauek gelditzeko, aurretik "ilegalki" kendutako pankartak itzultzeko, eta publikoki "barkamena eskatzeko". Modu berean, adierazpen eta manifestazio askatasunaren eskubideari "erabateko errespetua" ere galdegin diote foru erakundeari.