Irailaren 7an Murgia "iraganera" itzuliko dela aurreratu dute 'Murgia Retro' ekimenaren antolatzaileek. Aurreneko aldiz egingo duten ekimenean, 11:00etatik aurrera eta goiz osoan zehar udaletxeko plaza denbora antzinako arropa jantzita duen jendeaz beteko da. "Jaunak, andreak, neskameak, gazteak eta haurtzainak, haur-gurdi ikusgarri batzuei bultzaka dabiltzanak", antolatzaileen esanetan. Giroan sakontzeko, iragarri dute zenbait auto klasiko ere egongo direla aparkatuta inguruetan, "garai bateko bizigiro berezia sortzen laguntzen baitute, bertakoen eta bisitarien gozagarri".
Ibilgailu klasikoen ondare historikoaren kontserbazioa sustatzen duen Euskadiko Citroenaren Lagunak elkartearekin kolaborazioan prestatu dute larunbateko hitzordua. Modu berean, Reborn munduko bildumagile eta zaletuekin batera egingo dute. Zaletasun horren baitan dabilen jende ugari elkartuko da Murgian, lehenengo aldiz. Zuiako Udalaren eta Murgiako Administrazio Batzarraren laguntza izan dutela azpimarratu dute antolatzaileek.